L'église de Bussunaritz-Sarrasquette

Saint Jean

Duzunaritze/Sarrasteka
Cette église est dédiée à St Jean l’évangéliste appelé aussi St Jean de la Porte Latine en souvenir du martyre de St Jean.

Présentation du village par Peio Ospital lors de la messe télévisée par ETB1 le dimanche 6 novembre 2016
BUZUNARITZE - SARASKETA
Donibane Garazitik 7 kilometrotara aurkitzen da herri hau. Muga-herriak dira Gamarte, Lakarra, Bustintze-Iriberri, Hozta, Ibarla, Donazaharre, Ahatsa-Altzieta-Baskazane, eta Lekunberri. Buzunaritze izenaren etorkia, Jean-Baptiste Orpustanen arabera, landaredian bilatu behar da: “Buzun” (edo burzuntza) eta “haritz”, hitz elkartze horrek “burzuntzezko hariztoia” erranahi bitxia badu ere. Buzuna da makala edo zurzuriaren familiako zuhaitz azal leuna. Ahozkatze desformazio baten ondorioz, B, izenaren lehen izkia, D bihurtu da, eta gaur egun askotan herria Duzunaritze izendatzen da. Sarasketa izenari dagokionez, “sahatsen lekua” erran nahi du (sarats, -eta leku atzizkiarekin).
Iraultza ondoan oraino, BUZUNARITZE eta SARASKETA administratiboki bi entitate desberdin ziren, bakoitza bere auzapezarekin, nahiz Erdi Aroan parrokia bakar bat osatzen zuten. Azkenean, prefetak Buzunaritze eta Sarasketa elgarretarazi zituen 1841eko maiatzaren 12an.
Tokiko jauregi eta etxeen ikerketak eginik, Marie Michèle Esponde andereak ohar hau egiten du: etxe zaharrenak, Erdi Arokoak, gehienak oraindik xutik daude, egoiliarrekin, ala Buzunaritzen, ala, are gehiago oraino, Sarasketan, Erdi Aro ondoko etxe ainitz desagertu direlarik. Hala nola: - Buzunaritzen: Ezponda, Jauberria, Goienetxia, Idiartia, Etxartia. - Sarasketan: Agotia, Arotzaldia, Ezpila, Ehuletxia, Biamuntia, Idiartia. Ohargarria da, hala ere, Erdi Aroko etxeak lasterrago (azkarrago) desargertu eta desagertzen dirala Buzunaritzen, ezinez eta Sarasketan. Herriaren historiari hertsiki (estuki) loturik dago Apate jauregia. Buzunaritzen kokatzen da. 14. mendean eraikia izan zen. Kanpoaldea homogeneoa du, lau dorre biribil berdin-berdinekin. Lehen jaunetarik Oger edo Oier izeneko bat izan zen, 14. mende ondarrean Nafarroako erregearen zerbitzuko egon zena. Ondotik beste 4 familia gutienez egon ziren jauregi hunen jabe. Handitua eta zaharberritua izana da 18. mendean. Aintzinaldeko atean aurkitzen da idazki hau, latinez: "Bakea bedi 1731. urtean berritu egoitza huntan". Azkenik, jauregiaz jabetu zen 19. mendean Van den Zande familia, jatorriz holandarra, Apat familiaren oinordekoa. Geoffroy Van den Zande herriko auzapez egona da 30 urtez, 1935etik 1965erat. Haren seme bat da orai jauregiaren jabe. Beste auzo bat ere aipatu beharra dago: "Antxixarburu" deitu auzoa, 10 bat etxez osatua. Itxura guzien arabera, Agoten bizitokia izan behar zen, geroxeago "bohamiak" deitu izan direnak.
Historiara pasatu diren biztanleen artean, izen aipagarriena da, dudarik gabe, Bernard d'Etchepare: Etxeparia (edo Etxegapare) izeneko 13. mendeko etxe honetan sortua ziteken, Sarasketa auzoan. Berak zuen argitarazi, 1545ean, euskarazko lehen liburua: "Linguae Vasconum Primitiae", eta betirako historiara pasa da. Aipatzekoa da ere Martin Landerretche, 1842ean sortua: euskalaria, apeza, idazlea eta euskaltzaina bere garaian. Aipatzekoa ere, beste arlo batean, René Muscarditz gure garaikidea, pilotari dotorea, hainbat aldiz Frantziako txapeldun izana trinketean 90. hamarkadan.


Présentation de la Paroisse par Peio Ospital le 13 novembre 2016
Iragan aldian aipatu dugu xeheki herri hunen historia eta iragana. Gaur Eliza, hilerria eta Parrokia izanen ditugu aipagai. Eta hortarako erabiliko dut Jean Eliçagaray tokiko semeak, Etxekoineko semeak, gaur egun Ibai Arteko Jondoni Petri Hiriburuko parrokian apez dagonak, Jakintza elkartearen kondu egin ikerketa lana.
Aspaldiko denboretan ba ote zagon otoizleku berezirik Buzunaritze edo Sarasketan ? Ez da herresto handirik. Iturrista etxean kaperaño bat bazitekeen, 1677ko idazkari baten arabera. Auzoko etxeak "Ertorainia" du izena (erretoraren etxea beraz), urruntxago daudelarik Errekaldia (Orreagako Fraidetxearen ondasuna) eta Etxekoinia (jakobe beilarien aterbea).
Gaur egungo Jondoni Joani elizari doakionez, ez dakigu xuxen noizkoa den. Eliza hau aurkitzen da Buzunaritze eta Sarasketa artean, bietatik erdibide nunbeitan, kasko batean, urrundik ikusia izaiteko gisan.
Arkitekturaren arabera, 15. mendekoa ditaike, nahiz jatorria askoz lehenagokoa izan. Sartzeko bi ateak 15. mendekoak dira. 19. mende ondar aldera egin zen berriztatze obra handi bat, gotiko berri estilokoa. Azken berriztaze lana egin da 20. mendean.
Kalostrapean egiten zen denboran eskola, 1874a arte.
Erretaula erdian aurkitzen da tabernakulua, seguraski erretaula bera baino zaharragoa: Kristo ageri da, globoa esku ezkerrean. Ezagutzen dira Jondoni Petri eta Paulo apostoluak, batak giltza eskuan eta besteak ezpata.
Aldare nagusian ageri da Bazkoko Misterioaren irudikapena.
Eskuin aldean dago Jondoni Joani Ebanjelariaren estatua, kalitza eskuan. Bera da Herriko Zaindaria edo Patroina.
Bataio harria, uraska borobil bat da, harri mokor bakarrean pikatua.
Lau berina leiho hauek Gustave-Pierre Dagrant Bordeleko berinagile famatuaren lanak dira.
Hemen daude ere zurezko bi irudi edo estatu: bat Santa Katalinarena (17. mendekoa edo seguraskiago 11. mendekoa) eta bestea Maria Birjinarena, 14 edo 17. mendekoa. Biak monumentu historiko sailkatuak dira.
Hilerrian aurkitzen dira dotzena bat harri biribil eder, lerro-lerro jarriak, eta 100 bat baxenafar kurutze, batzu nasaiki landuak.
Aipatzekoak dira bidejuntetako harrizko 3 kurutzeak: hilerri sartzekoa, Etxepare aintzinekoa Sarasketan, eta Etxekonekoa. Hiruetan, gurutze beso azpikaldeak buru zizelkatuz apainduak dira. Hiru gurutze hauetara egiten ziren ez hain aspaldi rogazioneak.
Eliza inguruan ikus ditzazkegu Herriko Etxea, ikastetxea, pilota plaza, trinketa, apezetxea eta andereserorane ohia.
Herritar anitzek gogoan dute oraino hemen 40 bat urtez, 1991a arte, andere serora egon den Mariana Oxandaberro, 1997an zendua.
Gaur egun, Buzunaritze-Sarasketa kokatzen da Iratiko Salbatore parropian, beste 10 herrirekin, hauen artean Donazaharre, hiru apezek dutelarik 2500 bat arimen ardura.

BUZUNARITZE - SARASKETA par Peio Ospital, le 20 novembre 2016 avant la messe télévisée par ETB1
Herri bizitza atzo eta gaur
Erran dugu jada Buzunaritze-Sarasketa Donibane Garazitik 7 kilometrotara aurkitzen dela. Herriak 1204 hektara dauzka. Bana–besteko goratasuna 288 metrokoa du. Lauhiburu mendi kaskoak 782 m ditu. Libetta, Uhalde, Aphate eta Latseko errekek Arzubi ibaira ixurtzen dituzte beren urak.
Belokeko Fraileen lana da Buzunaritze eta Sarasketako hainbat aitoren etxeetako armarrien bilketa eta konposaketa lan hau.
Nola eta zertaz bizi izan da hemengo biztanlegoa aitzineko mendeetan ?
Buzunaritze-Sarasketa baserrialdeko herria da, egundainotik irabazpide nagusia laborantza izan duena, baina beti kalitatezko ofizialego batekin. Bat baino gehiago harri litaike ikustearekin zenbat jornaltiar (gizon ala emazte), zenbat ehule, eiherazain, arotz, hargin, zurgin, mahastizain, dendari ala errient izan den Buzunaritzen berdin Sarasketan, 19. mendean.
Antxixarburun, ofizio hedatuena zen garai hortan zurgintza: Buzunaritzeko 12 zurginetarik bederatzik Antxixarburun zuten egoitza. Ikusten da ere 18. mende ondarrean bazela Antxixarburun emagintsa bat.
Izan dira ere auzo huntan administrazio edo zerbitzu publikotako 4 langile, bihibat ez zegoelarik ez Buzunaritzen ez Sarasketan. Ofizioetarako gaitasun berezia zuen beraz Antxixarburuko biztanlegoak.
Eta gaur egun ? nola eta zertaz bizi da hemengo biztanlegoa ?
Gaur egun 170 bat biztanle dira orotara. Biztanlego gehiena ezagutu zuen herriak, bi auzoak bateratu ziren urteetan: kasik 550 biztanle 1846an. Geroztik beti emeki emeki ttipituz joan da. Laborantza edo nekazaritza da beti ogibide nagusiena: 16 etxalde edo baserri daude eta lurrik gabeko artzain bat. Kasik denetan segida badago.
Herria Irulegiko mahasti eta "Ossau-Iraty" sormarketako eremuetan sailkatua da. Eta ofizialeak ere badira beti: hargin edo zurgin.
Haurrak Ahatsan edo Mendiben eskolatuak dira. Ikastola dago Donibane Garazin.
Elkarte gisa dago Besta Komitea, eta nola ez ihizi elkartea. Gamiako lepora igaitean, paisaia zoragarria agertzen da begi bistan: gune ohargarri bat badago, herriko zabaltasun guzia 360°tan ikusmenean duena. Kasko kaskoan badago izen bereko hotel-jatetxe bat, bereziki ihizi denboraldiko sukaldaritzaren gatik famatua.
Amaitzeko, erran ginezake Buzunaritze-Sarasketak bizi duela gaur egun Euskal Herriko hainbat herrik ezagutzen duten egoera kezkagarria: nola adostu baserritar tradiziotik hartu bizimolde eta baloreak, modernitateak ekarri mentalitate eta gizarte aldaketarekin ?

Horaires supplémentaires