L'église de Lasse

Saint Martin

L’église de Lasse semble récente, elle est sous le patronage de St Martin, le soldat romain devenu évêque de Tours comme le représente la tableau qui est au centre du rétable.
Eglise restaurée récemment.

Dimanche 15 janvier 2017 messe télévisée par ETB1
Présentation:

Donibane Garazitik 3 kilometrotara dagon LASA izeneko herria.
Mugaherriak dira Azkarate iparraldetik, Uharte-Garazi ekialdetik, Anhauze mendebaldetik, Arnegi hego-ekialdetik, Banka hego-mendebaldetik eta Luzaide hegoaldetik.
Munhoa mendi oinean kokatzen da Lasa. Erdi Aroan, Santiagorateko bidean, beilarien edo erromesen atseden eta gel-tokia zen Ibañetako aldapa gogorrari abiatu aintzin,
Orreagari buruz.
Gogoratuko dugu 778ko abuztuaren 15an gertatu Orreagako gudu ospetsua, Ibañetako mendatearen haitzartean gertatua. Toki hauetan hain xuxen, "baskoien" erasoaren ondorioz, Karlomañoren gudarosteko gibelgoardiak sekulako zafraldia jasan zuen, eta, leiendaren arabera, Euskaldunek hementxe garaitu eta hil zuten Errolan, Karl-Handia (edo Karlomaño)ren iloba. Hementxe zuen entzun Karl-Handiak Errolanen adarra.
Etimologiari joaz, Herriaren izena Lats hitzetik dator, Latsa, erran nahi baita "urerreka".
Izan ere, Lasa zeharkatzen dute Arnegiko Errobiak, Pagolako errekak, Landarretako xirripak eta Ontzoroneko errekak. Emari handiko latsarri bat ere aurkitzen da hemen.
Lasa-ko parropiaren aipamena aurkitzen da 1266an.
"Mokosail" izeneko Komanderia bat ere aipatzen da 1333an, Orreagaren mendeko zena, eta geroago Baionako Kapituluaren mendekoa, Santiagorateko bidean erromesak atertzen zituena. "Mokosail" diteke frantsesezko "bon conseil" hitzaren euskarazko egokitzapena.
Etxe zaharrenetarik da Urtustegia, orain berriztatua. 17. mende lehen erdikoa da Laskorria, berriztatua ere. 18. mende ondarrekoak Meriategia eta Harginabeheria...
Aldakurria... Jauregia... Karrikaenia...
Huna hemen Herriko Etxea, berriztatua. Eta pilota plaza lemaburu ederrarekin: "Herriaren indarra, batasuna !"
Herri hunen historiari loturiko beste datu askorik ez dugu aurkitu. Mendeetan zehar tokiko biztanleek bizitza nahiko baketsu eta baretsua eraman dutelako seinalea izango da...

Lasse: présentation avant la messe télévisée par ETB1 le dimanche 22 janvier 2017
Iragan igandean erran dautzuegu parropia hunen lehen aipamena aurkitzen dela 1266an.
Eliza, iduriz, osoki eraikia izan da 19. mendean, eta 20. mendean berriztatua.
Herriaren patroina edo zandaria da Jondoni Martine.
Soiltasuna da eliza hunen ezaugarri nagusiena.
Aukera (edo parada) hau baliatu nahi dugu gogoratzeko nor izan den Tours-eko San Martin, deitua ere Martin Urrikaltsua (edo Errukikorra).
316an sortu zen, erromatar Inperio garaian, Savaria hirian, Panoniako erromatar probintzian, orain Hongria dena. Galiako Candes hirian zendu 397ko azaroaren 8an, 81
urtetan. Elizak ezagutu duen lehen saindu ez-martiria da. Bere soin-gainekoa erdibiturik, hotzez hiltzera zoan behartsu bati eskaini zion erdia, eta jestu horretan oinarritzen da berari buruzko debozioa.
Aita erromatar armadako agintaria zuen, Italian kristautasuna hedatzen ari zen garaietan. Harremanak izan zituzkeen ttipi-ttipitik Martinek kristauekin, eta 10 urte zituela adierazi zuen kristautasunari konbertitzeko gogoa eta Kristoren zerbitzura jartzeko xedea.
Baina aitak behartu zuen bera bezala armadan engaiatzera. Hogei ta bost urtez egon zen legionario armada batasun berezitu batean. Amiens hirian zegoenean, Bazko egunean,
bataioa hartu zuen, 40 bat urte zituela.
Azkenean, 356an armada utzi ahal izan zuen, baina armada zerbitzatu izanagatik ez zuen apez izaiteko eskubiderik. Orduan ermita bat sortu zuen Poitiers ondoan 361ean, eta 10
urtez hor egon zen beste fraile zonbaitekin.
371an, Tours-eko apezpikua zendu zenean, herritarrek apezpiku izendatu zuten bere gogoaren kontra. Baina apezpiku izanik ere ez zuen bere bizimoldea aldatu, ez zuen parte hartzen apezpikuen batzordeetan eta predikari ibiltzen segitu zuen Galian gaindi.
Azkenean, 397ko azaroaren 8an zendu zen Candes hirian, hautsezko ohako batean. Tours-en ehortzia izan zen azaroaren 11an.
Handik aitzina, berari buruzko debozioa hedatu zen Europan gaindi eta ere Hego Ameriketan. Eta beraz Lasako zaindaria ere dugu Jondoni Martine.
Hilerrian gizon-harri bakar batzu gelditzen dira oraino.
Parropiari dagokionez, Lasa kokatzen da Garaziko San Frantses Xabierrekoaren parropian, beste 10 herrirekin: Anhauze, Zaro, Jatsu, Eiheralarre, Arnegi, Ezterenzubi,
Uharte-Garazi, Azkarate, Izpura eta Donibane Garazi. Hiru apezek dute 4500 bat arimen ardura.

2017-01-29 présentation avant la messe télévisée par ETB1
LASAk 15 bat kilometro karratuko eremua du, eta 330 bat biztanle.
Biztanlego gehiena ezagutu zuen 1851an: 814 biztanle. Geroztik beti emeki emeki ttipituz joan da, eta biztanlego apalena izan da 2000. urtean: 261 bat biztanle.
Baina ikusten da azken 15 urte hauetan piska bat igotzen edo goratzen ari dela: 70 bat biztanle berri sartu edo sortu dira ! Hemengo ogibide nagusiena betidanik izan da laborantza (edo nekazaritza), eta gaur egun berdin segitzen du: 35 bat etxalde daude, kasik denak segidarekin. Ardi eta behi hazkuntza dira nagusi, bai eta ere xerri hazkuntza.
Lasa, Irulegiko arno eta Ossau-Iraty gasna sormarkako eremuetan kokatzen da. Hamar bat ofiziale ere badaude, arlo desberdinetan, hauen artean Etxoinia jatetxea.
Haurrak Donibane Garazin edo inguruko herrietan eskolatuak dira. Donibane Garazi da, alabaina, inguru huntako hiri nagusia, eta Lasar ainitzek hor dute beren ogibidea, edo berdin ere, batzuek, Baiona edo kosta aldean.
Lasa gaur egun ibilaldi askotako abiapundua ere da.
Ohargarria da herri hontan dagon dantzarako zaletasun berezia. Izan ere, urtero, herriko bestak kari, iraileko 3. asteburuan, antolatzen da kabalkada bat, eta hontan parte
hartzen dute 150 bat herritarrek, adin guztietakoak.
Hona hemen, azkenik, herritarren biltoki gisa eraikia izan den egoitza. Izena, noski... "Lasaiki"...
Amaitzean, tokiko biztanlegoari opa nahi diogu hainbat mendez ezagutu duen bizimolde baketsu eta baretsuaz gozatzen jarraitzea, egunerokoari patxadaz eta zuhurtziaz
buru eginez, tokiko latsek daramaten bide berdinetik !